XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. TEKNIKAK LANTZEN. ESKEMA

Orain arte testu zientifiko edo teknikoen laburpenaren teknika landu dugu; zenbait testu aztertu dugu eta horien ideia nagusiak laburbilduz, testu horien sintesia egiten ikasi.

Beste urrats bat emango dugu maila honetan, testu baten eskemaren teknika ikasiz.

Berez, eskemaren teknika menderatzea zail dela ohartuko zara.

Laburpenaren teknika azaltzean esan genuen bezala, abstrakzio eta sintesi lan sakona eskatzen ditu teknika honek ere.

Aurretiaz jakin ezazu, bada, lan nekeza proposatzen dizugula.

Baina, zailtasunak zailtasun, behar-beharrezkoa duzu teknika honetaz jabetzea.

Izan ere, zeure ikaste prozesuan oso baliagarri gertatuko zaizu teknika hau: zenbait jakintzagaitako gai nolabait teorikoen sintesia egin ahal izateko, arrazionalki ikasteko ez dena buruz ikasiz eta, azken finean, testu edo gaien muina atera eta ulertu ahal izateko.

Bestalde, kontutan izan behar duzu maila honetan zehar ikasteko eskaintzen dizugula, teknika hau ezin bait da ekinaren ekinez baizik menderatu.

Baina saiatzeaz gainera prozesu bat segitu behar duzu; behar-beharrezkoa da ondoren markatzen dizkizugun urratsei eustea.

Eskemaren helburuak

Hasteko, gogora dezagun lehenago ere maiz errepikatu duguna: testuek badute barne egitura bat, ez daude edonola egituraturik, alegia, plangintza baten arauera eraikiak baizik.

Testuak zutabe sendoetan oinarritzen direla esan dezakegu, zutabe horiek sostengatzen dutelarik, nolabait esateko, testua.

Ideia nagusiak dira aipaturiko zutabe sendo horiek.

Bestalde, ideia nagusiekin batera, hauei loturik diren bigarren mailako ideiak ere kontutan eduki behar ditugu.

Baina, denen gainetik, testuaren tesia edo ideia nagusia izango dugu gidari.

Beste era batera azalduko dugu: - Testu tekniko eta zientifikoek, ideia nagusi bat dute oinarri: tesia.

- Tesia zenbait ideia nagusiren bidez azaltzen da.

- Ideia nagusi horien ondoan badira bigarren mailako ideiak ere.

Testu baten hiru osagai hauek bata bestearekiko erlazio estuan daude.

Honela, bada, eskemaren bidez testu baten honako hiru alderdi hauek jarriko ditugu agerian: - Testuaren egiturazko ardatzak: ideia nagusiak.

- Bigarren mailako ideiak.

- Beraien arteko lotura: bai ideia nagusien artekoa, bai menpeko ideien eta nagusien artekoak.

Has gaitezen, beraz, testu baten eskema lantzen.